Skip to main content

Ikaslea erdigunean

euskalduna

eleanitza

inklusiboa

berritzailea

parte-hartzailea

Amara berri

Ikaskuntza bizitzatik eta bizitzarako

Zer da?

Ikaslea da gure sistemaren erdigunea. Guztion ongizate emozionala, soziala eta kognitiboa garatzea dugu helburu eta horretarako bakoitzaren interesguneetatik abiatzen gara. Eskola ez da soilik irakasteko lekua: bizitzeko, esperimentatzeko eta pertsona gisa garatzeko espazioa da. Sistema irekia da, etengabe aldatzen eta egokitzen dena, bizitza bera bezalaxe.


Gure printzipio nagusiak

Indibidualizazioa

Eskolak, ikasle bakoitzak duen ahalmen eta egoera kontuan harturik, bere mailan eta erritmora lan egiteko aukera emango dion programa ahalbidetuko du.

Sozializazioa

Proposatzen ditugun jarduera guztiak testuinguru sozialak dira eta bertan ikasleek elkarreragin, negoziatu, adostu, eztabaidatu… egingo dute. Taldekatze desberdinetan aritzen dira, baita bakarka ere, baina beti proiektu kooperatibo baten parte bezala.

Aktibitatea

Printzipio hau autonomiaren garapenarekin lotuta dago: “haurrak bere kabuz egin dezakeena, ez dezala helduak egin”. Gure xedea ikasle ekintzaileak, aurrea hartuko dutenak, jakinmina izango dutenak… lortzea da.

Sormena

Sortzeko estilo desberdinak daude, ikaskuntza-estilo desberdinak dauden moduan. Bakoitzak barruan duena ateratzeko aukera du, bere berezitasunaz ohartuz. Uztarturik dago emoziozko adimenarekin: zu zeu izatea.

Askatasuna

Bakoitzak aukeratzeko duen eskubidea da, horregatik testuinguru bakoitzean jarduera desberdinak planteatzen dira. Pentsatzen eta adierazteko askatasuna dute, iritzi eraikitzaileak lantzen ditugu.

Globalizazioa

Eskolak, ikasleek beraien gaitasun guztiak modu harmonikoan garatu ditzaten lagundu behar du.

Normalizazioa

Norberak espazioa eta ingurunea barneratzeko egiten duen prozesua da. Aldaketen aurrean, erreakzio baikorra, lasaia eta konfiantzaz jokatzea bilatzen dugu.

Nola antolatzen gara

Amara Berri Sistemak aukera handiak eskaintzen dizkigu aniztasunari erantzuteko. Guztiz sinesten dugu gure sisteman eta gure lan egiteko moduan:

Adin nahasketarekin lan egiten dugu Lehen Hezkuntzan. Horrela talde heterogeneoak sortzen dira eta elkarrengandik ikasteaz gain elkar laguntzeko aukera izaten dute.

Gure curriculumak dioen moduan, zikloka programatzen dugu. Ebaluazio jarraia, hezigarria eta integrala egiten dugu, ikasleen ikaskuntza-prozesua etengabe behatu, orientatu eta hobetzeko.

Gure ikasgelak lan gune bezala ulertzen ditugu eta bakoitzean kontestu desberdinak ditugu. Bertan, konpetentzia desberdinak eskuratzeko ikasleei egoera errealetan oinarritutako jarduera anitzak proposatzen dizkiegu eta bakoitzak bere interesen arabera aukeratzen ditu, irakaslea bidelagun izanik.

Jarduera bakoitzak bere lan metodo idatzia du. Ikasleek lana burutu ahal izateko, lan metodoan adierazten diren urratsak jarraitu behar dituzte. Lana autorregulatzeko eta autonomiaz lan egiteko balio digun tresna da hau.

Hedabideak, sistemaren erdigune dira. Jarduera ia orok du bere irteera hedabideetan: prentsan, irratian edota telebistan.

Aurkezpenak: ahozko komunikazioa lantzeaz gain, aurkezpenaren bitartez ikasleak egin duen lanaren prozesua eraikitzen du. Gainera, protagonista ez da aurkezten duena soilik, izan ere, entzuleek beraien iritzi eraikitzailea ematen dute, lana baloratuz eta etengabeko hobekuntza sustatuz.

Gehiago ezagutu nahi gaituzu?
Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
urdaneta oianguren ikastetxea
Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.