"Eskolatik Azokara" ipuinaren barruan, barazki eta animalien mundutik abiatuta, euskara, aniztasuna eta elkarbizitza modu hurbil eta sinbolikoan lantzen dira. Pertsonaia hauek Ordiziako azokan ez ezik, gure egunerokoan ere bizirik dauden balioak irudikatzen dituzte.
Azoka eta eskola
Brokolia, baratxuria, azenarioa, arkumea eta porrua ez dira soilik izenak, hauetako bakoitzak mezu txiki bat gordetzen du bere barnean: Brokoliak aniztasunaren indarra dakar, baratxuriak barruko istorio ezkutuak gogorarazten dizkigu. Azenarioak lurretik hazten den lanaren fruitua erakusten du, porruak egunerokoaren balio xumea eta arkumeak berriz, samurtasuna eta zaintza. Denek batera, azoka eta eskola lotzen dituen haria osatzen dute, elkarbizitza eta euskara ardatz izanik.
Goizane, Marian eta Peru ere ez dira pertsona soilak; azoka eta herriaren ahotsak dira. Goizanek lurraren indarra eta lanaren harrotasuna ekartzen du, Marianek bizitzaren jarraikortasuna eta zaintza, eta Peruk naturarekiko errespetua eta pazientzia. Hirurak, modu isilean, euskararen eta elkarbizitzaren sustraiak zaintzen dituzten hariak dira, azoka eta eskola lotuz.